XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Soseguz eta arretaz egin behar den lana da.

Baiña esan dudanez, hirutatik bat egiña dago.

Azterturik dauden zazpi letra horietan zenbat hitz azaltzen diren jakin nahi baduzue, aurki esango dizuet: 1668 (izen propioak ez dira kontu hunetan sartzen, jakina).

Hitzen maiztasunari begiratuta, batzuk behin bakarrik agertzen diren horietakoak dira (hapaxlegomena).

Beste batzuk bi edo hiru aldiz, gutxitan edo dexente aldiz.

Beste batzuk, berriz, maiztasun handikoak.

Horri ere kasu egin behar zaio.

Hitz bakan, meatz eta gutxi erabilliak, gaur gutxi edo batere ezagutzen ez direnak ezin ditezke maiztasun handikoekin berdindu edo mailla berean jarri.

Zabalduenai, gehien erabiltzen direnei eman behar zaie lehen tokia.

Hauk behar ditugu indartu, finkatu, hizkuntza nahi badugu bere oinarrietan sendo ezarria eta erroztatua utzi.

Jakin beharrekoa dela uste dut Lafitte jaunak Euskaltzaindiko batzarre batean gogoratu zigun harako hura.

Euskaltzaleok euskararen aberastasunaz sobera arroxko eta fier izaten gera.

Gauza bera esateko makiña bat hitz dagoela euskaran eta hori ondasun anditzat jo izan dugu.

Ez ote dira, gero, aberastasun kaltegarriak?

Lafitte jaunak, bada, hauxe gogoratu zigun: frantsesaren egoera XVI gn. mendean eta egungo euskararena berdin xamarrak direla.

Frantsesak ba zuen orduan zer-nahi hitz gauzak esateko, eta hortik zera sortzen zan: elkarrekin ezin aditzea, hitz gehiegi zegoelako.

Baiña zorionez autoreak etorri ziran murrizte lana egitera.

Murriztu, soildu, kendu, baztertu, hitz beharrenak hautatu, horiek erabilli, horiek zabaldu, horiei indar eman.

Bide horri jarraikiz indartu eta finkatu zan frantsesa.

Gu, berriz, ibilli gera iñun diren hitz bakan eta ezezagunenak berpizten eta zabaltzen eta lan hori egin da guztiok ezagutzen ditugun hitz nagusien kaltetan.

Dakizuten bezala, Lafitte jaun bera dabil orai euskarak beharren dituen hitz nagusi horien hiztegi bat egiten.

Batasun kontu hunetan urratsik egin nahi badugu, beraz, hiztegiaren hauziari kasu egin beharko diogu.

Eta hauxe da neri batzarre hunetan egotzi didaten sailla: euskara batuan erabilliko diren hitzen forma.

Forma esatean ez dut ortografia esan nahi.

Ortografiaren puntua Mitxelena jaunak ukitu du.

Berak ohi duen jakinduri eta maisutasunaz ukitu ere.

Baiña ortografia erabaki ondoren, zein hitz erabilliko den, eta zein itxura, tankera edo formakin erabilli behar den jakiten ere ba dira lanak.

Nere barruti hau hobeki mugatzeko, esan dezadan euskal hitz zaharrez edo hizkuntzan aspaldidanik sustraituez hari naizela.

Horietaz gaiñera, hitz berrien premian ere ba da gure euskara, beste edozein hizkuntza bezala edo gehiago.